Xerezade saridun “Blogetan!” lehiaketaren 3. edizioan
Pozez praketan kabitu ezinik jaso genuen albistea. Azkue Fundazioak antolatzen duen “Blogetan!” sariketan, Xerezaderen Artxiboak Kultura kategoriako saria eraman zuen. Zortzi urteko ibilbidean ehun audio baino gehiago argitaratu ostean, ikaragarrizko ilusioaz jaso dugu aitorpen hau, eta beste hainbat urtez bider zortzi jarraitzeko adorea eman digu.
Beste irabazleak izan ziren: Gizartea eta Politikan, 27 zapata; Aisian, Kontra-kantxa; eta, azkenik, Zientzia eta Teknologian, Laborategia.
Irudia: Azkue Fundazioa
Epaimahaia Azkue fundazioak, Argia aldizkariak, Zuzeu orainkari digitaleko Urko Urangak, Tokikomeko Joxe Rojasek eta Pikara Magazine-ko June Fernandezek osatu dute. Epaimahaiak honakoa adierazi du Jasone Larrinagaren eta Ana Moralesen Xerezade blogaren inguruan: «Blogetik kanpo oso aktiboak dira: sare sozialak, festa fisikoak… Eta lan handia egiten dute edukiak aukeratu eta egokitzerakoan. Izan ere, audioak eskaintzen dituzte». Irakurri albistea Berrian
Bernat Vidal eskultoreak diseinatu du garaikurra. Aurrealdean Gabriel Arestiren profil estilizatu bat ageri du, eta, atzean, “Nire aitaren etxea” olerkia. Sariak San Inazioko “Euskararen Etxean” banatu ziren 2019ko apirilaren 4an, “Blogak, testutik harago” jardunaldien amaieran.