Nor gara

Jasone eta Ana aspaldiko lagunak dira, lankide izan baitziren mende aldaketaren sasoian EHUn. Herrialde anglo-saxoietan audio-liburuak eta literatur podkastak oso zabalduta daudela eta hemen ez dagoela horrelakorik ikusita, Anari horren antzeko gauzaren bat egitea bururatu zitzaion, horrela literaturarako eta antzezpenerako daukan grina uztartuz.

Arazo bi zituen, baina: bata, ideiarik ere ez zuela podkast bat nola egiten den, eta, bestea, ezin zuela berak bakarrik egin. Bigarren arazoa Jasoneri esker konpondu zuen, gogo onez hartu baitzuen Anaren proposamena. Gero hortik etorri zen bien artean, han eta hemen galdetuz, lehenengoa konpontzea. Behin proiektua definituta, ate joka hasi ziren grabazio estudio eske, eta Bilbo Hiria Irratiak beso zabalik hartu zituen bere magalean. Hori 2011n izan zen. Eta horrela, tonto-tonto, honaino heldu dira. Izan ere, Cheshireko katuak esan zuen legez, beti helduko zara nonbaitera behar beste ibiliz gero, edo beste esaerak dioen bezala time flies like an arrow: denboraren euliek gezi bat maite dute.

Jasone Larrinaga

Jasone Larrinaga

Jasone Larrinaga Mungian jaio zen eta bertan bizi da. Gasteizen egin zituen Ingeles Filologiako karrera eta Itzulpengintza Masterra. Administrazioko itzultzailea izan da Eusko Jaurlaritzan eta UPV/EHUn eta gaur egun Bilboko Udalean dabil. Maite ditu bidaiatzea, literatura, musika eta artea, oro har. Lanak eta familiak utzitako tartetxoetan literatur testuak itzultzen ditu Xerezaderen Artxiborako (horietako gehienak ikusgai daude armiarma.eus webguneko “Euskarari ekarriak” atalean).

Ana Morales

Ana Morales

Bilbon jaio zen eta Leioan bizi da. Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta Genero Ikasketak Marylandeko Unibertsitatean. Itzultzaile eta interpretea da eta Nazio Batuen Erakundea eta Euskal Herriko Unibertsitatea izan dira bere lanlekuak. Linguistika aplikatuko liburuak eta literatur lanak itzuli ditu, adibidez Jane Austenen Harrotasuna eta aurrejuzguak eta Charlotte Perkins-Gilmanen Hormako paper horia. Xerezaderen Artxiborako hainbat testu itzuli ditu, eta podkasteko ahotsa da. Itzulpengintza eta interpretazioa, literatura, generoa, pop kultura eta arte eszenikoak maite ditu. Betaurreko moreak jantzi zituen orain hogei urte eta itsatsita geratu zitzaizkion betiko. Seme bat izan zuen 31 urterekin eta 40ak beteta ikasi zuen bizikletan.