Xerezade Mayi Peloten omenaldian

Joan den martxoaren 16an Sareinak taldeak, bere 12. urteurrena ospatzeko, omenaldia  egin zion Mayi Pelot idazleari Baionako Zizpa Gaztetxean.

 

Ekitaldia luzea eta aberatsa izan zen. Lehendabizi,  Josune Muñozek ekitaldiaren eta Mayi Peloten aurkezpen orokorra egin zuen; hurren, Txomin Peillenek eta Itxaro Bordak Peloten ibilbide literarioaren eta pertsonalaren berri xehetuagoa eman zuten; ondoren, Arrate Hidalgok gainbegirada eman zion zientzia fikzio feministari, eta Mayi Peloten lana kokatu zuen testuinguru horretan.

Horren ostean, Xerezadek Mayi Peloten hiru ipuin irakurri zituen, Biharko oroitzapenak liburutik hartuak: “Miren”, “Boga-boga” eta “Feedback”.

Horren ostean Lucien Etxezaharretak aurkeztu zuen Maiatz argitaletxeak plazaratu berri duen Mayi Peloten idazlan guztien edizio gaurkotua.

Amaitzeko, Sareinek lore sorta bana eskaini zieten Mayi Peloten ahizpari eta semeari, eta arratsaldeari amaiera behar bezala emateko, bertaratu guztiok aperitifa goxo-goxoa dastatu genuen Sareinen eskutik.

Hona hemen ekitaldi gogoangarri horretako argazki batzuk. Eskerrik asko Sareinei eta parte hartzaile guztiei!

Mayi Peloten lanen edizio berria (Maiatz)