Estilo ariketak
Egun batean Xerezadek postontzia zabaldu eta igel berde bat aurkitu zuen bertan, ahoan paketetxo bat zuela. Igelari ez zion musurik eman, printze bihurtuko ote zen beldurrez, baina eskuan jaso zuen eta kontu handiz atera zion paketea ahotik. Igelak salto egin zion lepo gainera, eta Xerezade, sustotxoa hartuta saltoagatik baina jakinguraz beterik, begira-begira geratu zitzaion esku artean zeukan kutxari. Bidaltzailearen izena jartzeko tokian X.O. hizki misteriotsuak baino ez ziren ageri. “Hugs and kisses?” pentsatu zuen. “Ez da seinale txarra”. Esku dardaratiez, Xerezadek papera urratu eta hara, zer egongo barruan eta Raymond Queneau-ren Estilo ariketak liburuko zenbait pasarterekin egindako grabazioa!!
Eta nola gutiziak konpainian dastatzen diren ondoen, eta Xerezadek zuena beste inorena (tira, ia-ia) baino estimatuago duen, hementxe dauzkazue gaur, Xerezaderen Artxiboan, Raymond Queneauren estilo ariketetako batzuk, esatari fin-finek irakurriak: eguneroko bizitzako gertaera hutsal bat, hainbat modutara kontatua, hainbat estilotan. Parodia, esperimentalismoa, hizkuntzaren baliabideez egindako jolas literatura. Batzuek uste omen zuten ariketok ezin zirela frantsesetik beste hizkuntza batzuetara itzuli. Ba, Xabier Olarra itzultzaileak ederki asko borogatu zien enganatu zirela.